XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bada ordea, guztiarekin ere, azken emaitzak zeinnahi izan arren nekez alboratu ahal izango dugun zenbait ohar, asmo eta gogoeta.

Horrela: I. Ez gara munduan bakarrak. Ez gaude bakarrik.

Asko dira aitzitik, mundu zabalean, gure kezka, larritasun, xede eta asmo beretsuekin bizi diren hiztun-talde eta herriak.

Munduko estatu eta erakunde politikoen ondoan, beraien baitan, azpian edo gainean, badago Laugarren Mundu bat, bere txikian eta zatituan ere bizirik jarraitu nahi duena.

Herri eta hiztun-talde guzti horiekiko adiskidantza, ongi-nahia eta anaitasun-gogoa biztu digu denoi, lehendik ere zeharo itzalia ez genuen arren, Biltzar honek.

II. Guztiok maila batean anai-arreba izanik ere nork geure burua zaindu beharra daukagula erakutsi digu, orobat, Euskara Biltzarrak.

Batentzat egokia gerta daitekeen sendagaia bestearentzat kaltegarri edo, onenean ere, indargabea izan daitekeela.

Geure aurrerabidearen arrasto nagusiak etxekook finkatu beharrak dauzkagula ikusi dugu beraz, lehendik ere sustraitu samarra genuen ustea bermatuz, Biltzarraren ondorioz.

III. Badugu, halere, besteengandik zer ikasi franko.

Gu baino egoera hobean daudenengandik, edota gure ibilbide beretsua lehentxoago edo zori hobeagoz kurritua dutenengandik bereziki.

Herri eta hiztun-talde horiekiko harreman-sareak osatu eta lokarriak sendotzeko asmoa hartua dugula adierazi nahi dizuet, guzti horregatik, Eusko Jaurlaritzaren izenean.

IV. Ematen ari garen pausoak alferrikakoak edo are geure buruaren kontrakoak izango ez badira, euskalgintzaren inguruko ikerketa eta ebaluazio-lana ugaritu, sendotu eta, batez ere, sistematizatu beharra dugula ikusi dugu.

Xede horri ere aurrez aurre erantzuten ahalegintzeko hitza eman nahi dizuet guztioi.

Eragin-etekinak ondo neurtu beharrak dauzkagu, irispidean ditugun baliabideak ahalik era zentzuzkoenean erabiltzeko.

V. Biltzar honek jarraipenik behar du: ez behar bada oraingo honen neurri eta taxukerakorik, horrelakoak antolatzea noizean bein baizik nekez egin bait daiteke.

Bai, ordea, gai mugatu eta ongi berezituetan azterlan sakonagoak bultzatzeko.

Goizegi da, oraindik, zein aztergairi lehentasuna eman behar geniokeen esateko.

Badira ordea, batzuk, laster iragarriko ditugunak.

Hizkuntz Politikarako Idazkari legez hauxe esan nahi dizuet, beraz: Euskara Biltzarrean esan eta idarokitakoak oso aintzakotzat hartzen ditudala, nere ardurapean dagoen alorrean ezartzeko.

Euskal Autonomi Elkartearen Agintaritza sorreratik bertatik saiatu da euskararen bizitza ziurtatzeko eremu desberdinetan neurriak hartu eta bitartekoak gizajendezko zein diruzkoak eralgitzen.

Eusko Jaurlaritzaren ahalegin hori ez da guztion gogokoa izan; baina ezin inork ukatuko ere du herri honen historia luzean sekulan egin ez den bezalako ahalegina egin denik, hizkuntz egoera normaldu asmoz, azken urte hauetan.